XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abendaiño'ko jaunak, Arexola'ko gaztelarrari ez besteko ahalmena eta eskualdia eman zion Garaitarrari Aramaio'ko eta Arrasate'ko auzi-gaietan, Lekutiarraren begikotasun bereizi onegatik, Jaun Iakue aspalditxoan bekaitza artzen asi zitzaion bere zinkide izandakoari, oarturik baitzegoen zeiñen makurki jokatzen zen aren naitasuna irabazteko eta ikusten baitzuen ere bidebatez Jaun Petri Urtiz'i biderik biurrienak eta arreenak zillegi zitzaizkiola bere aundi-goseak agindutako elburura irixteko.

Lenago esan dugun bezala, Abendaño'ren alderdiko alkate Arrasate'n Jaun Otxoa Artazubiko zen eta gizon au beti txit leiala izan ba-zitzaion ere Abendaño'ko etxeari, Lekutiarrak bere alkatearen jokabideari kontu egiteko mandatu egin zion Baraxuen'go zaldunari.

Onelaxe, alkar-leiak eta alkarrenganako errezeluak eraginda, bere interesak obeki zaituak egonen ziren bi gizonen ardurapean.

Bestalde, Otxoa Artazubiko'ri zaulitasun eta leunkeri gabea baitzen politika-auzitan aritzeko Garaitar itxuratiaren maltzurkeria aolkaririk baliotsuena zitzaion Butroe'ko taldearen aurka edo iriak izendatutako alkatearen aurka etengabe eutsi bear zuen borroka latzean, eta bi adiskideak, alkarren osapide zirelarik agintaritza lanetan, oso ondo etortzen ziren iriko zuzendaritza beren gixa eramaten.

Domiku Gorria etzen lo egon Jaun Iakue'rekin alkartasun-ituna egin zuen ezkero.

Urratsez-urrats, iarraitzen zitzaion Jaun Petri Urtiz'i bere ibilbideak eta pasaleku egokiak ongi ikasteko.

Erasotokitzat Garagartza'ko auzotik urbil egiten zen meargune (5) Toki estua bat begiz jo zuten.

Ba-zen an igaro-bide bat txit egokia, ertze batetik malkor aundi bat zuena eta bestetik amilpe bat erreka zuloraiño.

Malkor gaiñetik ederki ikus zitezkean etorkiñak beren buruak gordean eukirik, ezkutune onak baitzituen penditz arek.